XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(6) Osagai biokimiko bakoitza, animalien pisu lehorraren proportzio modura adierazteko, ehunak, liofilizatu egin ziren 15 orduz liofilizadore industrialean sartuz.

Perpaus menperatuaren aditza ez denean, lau posibilitate dago:

i) Perpaus bakunaren parte izatea.

Orduan, perpausaren amaieran agertzekotan puntua izango du atzean eta perpausaren elementuren bat atzean izatekotan, ez da inolako komarik tartekatuko aditza eta elementu horren artean.

(7) Konposaketa biokimikoa aztertuko dugu sail honetan

ii) Perpaus menperatzailearen aditz nagusia izatekotan, perpaus bakunaren aditzerako deskribatu dugun jokaera bera izango du; ezberdintasun bakarra, perpausaren elementuetariko bat gutxienez, IS edo Alg. arrunta izan gabe elementu horien funtzioa beteko duen perpaus menperatu bat izatean datza.

Hau da, amaierako kokagunean agertu gabe, atzean elementuren bat baldin badu, ez da komarik tartekatuko aditzaren eta elementu horren artean.

(8) b delakoaren jatorrizko balioak erabiltzen dira malda ponderatu bakarra ezin kalkula daitekeenean.

iii) Perpaus koordinatuen aditza izanez gero, bi perpaus koordinatuek, komaz banandurik agertu behar dute; lehenengo perpausaren aditza amaierako kokapenean agertzen bada, beraz, koma jarriko dugu berorren atzean, edo bestela, lehenengo perpaus horren azkeneko elementuaren atzean.

(9) Tenperaturaren urte-zikloak, urte bien arteko garrantzizko diferentziak erakutsi ditu, baina ez dirudi zirkunstantzia horrek ugalzikloen arteko desfaseak azal ditzakeenik.

Lehenengo perpausaren aditzaren atzean beste elementuren bat kokatu izan bagenu, berorren atzean jarri genukeen koma, lehenengo perpaus horren bukaera adierazteko.

iv) Koordinatu eta menperatuen artean dauden perpausen kasuan -(e)larik, -(r)ik, eta ...bait-... erlazio-hizkien bidez eratzen dira-, koordinatuen kasuan bezala jokatuko dugu, hau da, komaz banandurik idatziko ditugu perpausak; modu honetara, hizkia daraman esaldia aurrean badago, erlazio-hizkiaren atzean koma jarriko dugu, tartekaturik badago, koma bat menperatuaren hasieran eta beste bat erlazio-hizkiaren atzean, eta amaitzeko, erlazio-hizkia duen perpausak amaierako kokapena hartzekotan, koma jarriko dugu nagusiaren atzean menperatuaren hasiera markatzeko.